Neguko gau arrunt bat zen, edo hala zirudien behintzat.
Kanpoaldean euriak dena bere mantuaz estaltzen zuen ahala, gure haragizko goseak lausotutako leihoetatik barnera kanpokoa baino ekaitz bortitzagoa sortzen ari zen.
Ohe kantoiean eserita nengoen momentu horretan. Biluzik. Zuri begira. Zure janzteko era misteriotsu eta sentsual hori erreparatuz, betiko lez.
Ordurarte elkarrekin igarotako momentuak burura etorri zitzaizkidan flashback moduan: lehenengo begirada, elkarri emandako lehen muxua, larrutan ibilitako leku ezberdinak… gezurra dirudi hamaika urte igaro direla jada. Konturatzerako, bere alboan hazi nintzela ohartu nintzen, agian nire izaeraren %85a berarekin osatu nuela; berak erortzen, zutitzen, sufritzen, borrokatzen, garaitzen zein porrot egiten ikusi ninduelako. Baina inoiz ez nintzen gai izan maiteminduta nengoela aitortzeko.
Bera bitartean bakarrizketa antzeko bat egiten ari zen, ni aldiz zurrumurru batzuk entzuteko gai nintzen soilik.
Bat batean niregana hurbildu zen, belaunikatu eta aurpegi aurrean nituen ileak baztertu zizkidan samurtasun osoz. Ni musukatzeko zenbait saiakera egin zituen, baina nire erantzuna uneoro errefusatzea zen. Haserre bizian jarri eta masailetik heldu ninduen indartsu:
- Zer duzu, txiki?
Minutu bateko isiltasuna egon zen. Beno, beharbada pare bat minutukoa. Nondik hasteko zalantzatan nengoen. Nola bururatzen zaio horrelako galdera bat egitea? Ez al da bistakoa?
- Zer egingo dugu? Nora garamatza guzti honek?
Zintzotasun osoz esango dizuet momentu horretan ez nuela erantzun baten beharrik sentitu. Ezustean harrapatu zion galderen ondorioz bere aurpegi espresioa aldatu egin zen. Galdera horiek bere eskemak hausteko gai izan ziren.
Kikilduta zegoen. Kikilduta, bai. Hori zen momentu horretan hobekien deskribatzen zion hitza. Hala ere, behin hasita barruan gelditzerik ez zuen dena ateratzen jarraitu nuen:
- Badakizu arratsalde eta gaueko plazeraren aldekoak izan garela beti eta hurrengo egunean pasatakoaz oroitzeko ezgaitasuna izan dugula, edo hori antzezteko ohitura. Baina bistakoa da azken hilabete hauetan gauzak aldatu egin direla; orain eguneroko gauza da, ez da denboraldiko kontu bat. Ez gara gai izan hasieran sortu genituen arauak betetzeko, gutxi ziren arren. Hasieran oinarrizko arauak zirela pentsatu genuen, funtsezkoak, sentimenduak ez sortzeko aproposak. Gogoan duzu zein izan zen gure lehenengo araua? Bai, gure artean sentimenduak ez egotea, ez sortzea. Eta horretarako zenbait argibide jarraitu behar dira, edo hobeto esanda, zenbait gauza ekidin eta ikusi daitekeen moduan ez gara gai izan. Orain esaidazu honek betiko moduan jarraitzen duela, ez dela ezer aldatu, engainatu nazazu, konbentzitu nazazu egia ez den zerbaitetaz berriz ere.
Isilik jarraitu zuen. Mutu. Burumakur, begirada lurrean iltzatua. Hitz egiteko zantzuak egiten zituen baina ez zen hitzik esatera ausartzen.
Baina azkenean, gehiago gerturatu eta begietara adi-adi begiratzen zidan bitartean nire bizitzan entzundako esaldirik gogorrena esan zidan:
- Gure artekoak ez du sekula funtzionatuko.
Hiruzpalau aldiz esan zuen.
Baina badakizue zer den okerrena? Sei hitz horien doluaz gain polita eta dena geratu zela, gure artekoak etorkizunik ez zuela esaten zidan bakoitzean arnas estu hutsera ninduelako eta ez zelako gai ni ez musukatzeko.#
#ZendaIpuinak
Comentarios
Publicar un comentario